XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen kalitatea hobetzeko ezinbestekoak dira baliabide hauek guztiak.

IV.5. Hizkuntza-politikarako egungo giza eta diru-baliabideak

Hasteko, argi eta garbi utzi behar da orain arte Euskal Herri osoaz aritu bagara ere, atal honetako gogoetan EAEra bakarrik mugatu garela.

Are gehiago, euskalgintzarako aurrekonturik handiena duten EAEko herri-administrazio jakinetara mugatu garela, hots, Eusko Jaurlaritzaren barnean, euskara sustatzeko aurrekonturik handiena duten sail edo ataletara, hiru foru-aldundietara eta hiru hiriburuetako udaletara.

Ondoren datoz, horretarako sortua izan zen Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak euskara sustatzeko aurrekontuez eta giza baliabideez eginiko ebaluazioaren emaitza nagusiak.

Euskara sustatzeko giza zein diru-baliabide gehigarriak dira lan honen aztergai.

Hain zuzen ere, kanpo utzi dira, gastu gehigarri ez diren kontzeptuak nahiz eta, maiz askotan, oso zail gertatu den gehigarri izate hori zertan datzan argi eta garbi adieraztea.

Esate baterako, hezkuntzako gastuen azterketa egiterakoan, kanpo geratu dira A, B eta D ereduetako irakaskuntza-gastuak, gaztelania hutsezko ereduak izan balira ere kostu berdina izango baitzuketen.

Aitzitik, kontuan hartu dira eredu horietan irakasteko behar diren irakasleen euskara-prestakuntzaren gastuak, ordezkapen-kostuak barne.

1. taulan jaso da azterturiko erakunde bakoitzaren euskara-gastua. Hona ondorio nagusiak:

- 1997an herri-aginteek euskara sustatzeko erabili duten aurrekontua ia 15.500 milioi pezetakoa izan da, erakunde horien aurrekontu osoaren % 1,53 (Eusko Jaurlaritzako aurrekontu osoaren % 1,9; foru-aldundietakoaren %0,52 eta hiriburuetako udaletakoaren %0,60}.

- Aurrekontu osoaren ia %90 Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Dirutzarik handiena hezkuntza-sistema euskalduntzeko da; kopuruz, hurrenez hurren ageri dira Hizkuntza Politikorako Sailordetzaren aurrekontua (HABE barne} eta EITBrena eta azken tokian dator, berriz, administrazioko funtzionarioak euskalduntzeko HAEEk duena.

- Bestalde, Euskaltzaindia, UZEI eta Eusko Ikaskuntza dira herri-aginte guztiek edo ia guztiek babesten dituzten euskalgintzan diharduten erakunde eta elkarteak.

- Era berean, funtzionarioak euskalduntzeko eta alfabetatzeko egitaraua, Ahoz aho, belaunez belaun euskararen jarraipenari buruzko kanpaina ibiltaria eta Urte sasoiak egitarauak dira erakundeen elkarlanaren ondorioz garatutako egitarau bakarretakoak.

- Alabaina, erakunde guztien arteka hitzarmenik ez dagoen arren, badira erakunde gehientsuenek sustatzen dituzten hainbat egitarau, hala nola: herritarrak euskalduntzea eta alfabetatzea, bertsolaritza, euskarazko komunikabideak, batik bat, toki-mailako euskal prentsa idatzia, zinea euskaraz, euskalgintzan diharduten elkarteentzako dirulaguntzak, euskarazko irakurzaletasuna sustatzea, euskarazko materialgintza, antzerkia eta herritarrak euskararen alde sentiberatzeko ekintzak, besteak beste (ikus 2. taula).